2011-02-26

Gero eta gutxiago falta da

Gero eta gutxiago falta da Korrika-rako. Apirilaren 7an TrebiƱutik abiatu, eta 17an Donostian bukatuko da. AEKn euskara ikasi eta irakatsi dugunontzat -horiek garaiak, horiek!-, ezinbesteko mugarri dugu Korrika.



Berriozarretik, agidanez, ordu txikitan pasatuko omen da aurten... Alabaina, giroa hasi da berotzen Berriozarren. Beheko argazkia loro irribarretsua ezizenez ezaguna den lokalaren inguruan egina da.

Ez dut inor zapuztu nahi, baina bi urtean behin egiten den euskararen aldeko ibilbide zoragarri honen ingurumarian, halako zapore gazi-gozoa gelditu ohi zait. Izan ere, badira gure herri honetan bere burua abertzale eta euskalduntzat jotzen duten hainbat lagun, euskaldun izanik ere erdaraz baizik egiten ez duena eta, Korrikan parte hartuta, bere burua zuritzen duena. Euskararen alde, egon, badaude; egon euskal aditzak daukan esanahirik hertsienean. Egon bai, baina egin, ez dute euskaraz egiten, nahi ez dutelako.

Ez dut izenik erranen, baina Korrikaz Korrika ikusten dut parte hartzen dutela zenbaitek, ez dakit zenbat kilometro egiten dutela euskararen alde... egunerokoan erdaraz aritzen direlarik jo ta su. Eta urteak aurrera doaz, eta 20. korrika helduko da, eta Urliak jarraituko du espainolez hitz egiten egunerokoan, nahiz eta Korrikan nik baino askoz ere kilometro gehiago egin...

Euskararen alde egotetik euskaraz egitera eman behar da jauzia. Izanez ere, gure hizkuntza maitatzeko modurik ederrena, euskaraz egitea da. Tipi-tapa, tipi-tapa...

2011-02-20

Oscar Wilde eta biok

“Ofizio ederra da gero idazlearena. Ederregoa, ordea, irakurlearena”. Oscar Wilde-ren Lord Arthur Savile-en krimena liburutxoan agertzen den aipu gogoangarria, Felipe Juaristik eginiko itzulpen ederrean emana

Oscar Wilde-k itzal handia lortu, batez ere, horrelakoak idazten: epigrama deritze, ziri bertsoak, short witty sayings, txantxa ukituzko idazki labur biribilak.

Ingelesa irakasle izateko estudiante-tunante garaian, bat baino gehiago ikasi nuen, buruz ikasi ere:

I never travel without my diary. One should always have something to read in the train.

Bidaietan beti eraman ohi dut nire egunerokoa, trenean noalarik komeni baita irakurtzeko zerbait interesgarria izatea.

There is only one thing worse than being talked about, and that is not being talked about.

Jendeak zutaz gaizki esanak ibiltzea baino okerragoa da jendeak zutaz deus ere ez esatea.


Bi horiek ditut gogoan, bi-biak, Oscar Wilde-ren narzismoaren paradigma.


Eta baita hirugarren epigrama bat ere:

I can resist everything except temptation.

“Tentaldiari uko egiteko modurik erosoena, bertan erortzea da” X. Hiriartek emandako itzulpenean.

Hori horrela, eta bizi osoa biziosoa izanik, biltegira joan naiz eta eskailerapeko ardoa hartu dut: Garesko ardo beltz ondua, Gran Reserva bat 1999. urtekoa, iragan den mendekoa, nire alaba artean jaio gabea zelarik sortutako ardo on-ona, lagun min batek emadako opari ederra. Gaur zabalduko dut, lagun horren, eta hau irakurtzen ari zareten guztion izenean... eta nire gizenean. Eta bazkal ostean, Bacoren magalean, Oscar Wilde-ren Lord Arthur Savile-en krimena liburua berriz irakurtzeko aprobetxatuko dut. Izan ere, asko ikasten da liburua irakurtzen, baita liburuak berrirakurtzen ere.


2011-02-12

Tabakoaren ke lainoak


Esan dezadan, hasteko, ez naizela erretzailea. Halarik ere, tabakoaren inguruko lege hauekin guztiekin iruditzen zait Estatuaren hipokresiak goia jo duela. Izanez ere, Espainiako Estatuak berak, estankoen bitartez, hamaika miloi euro mozkin eskuratzen duelarik, tabakoaren aurkako legeekin estutzen ditu erretzaileak, batzuetan, absurdoarekin mugarri izateraino estutu ere. Tabakoaren ke-lainoak dira, benetako arazoak estaltzeko.

Ez dezagun hitz egin langabeziaz, bankarien irabaziez, politikarien etekinez, kapitalistek sortu eta langileok ordaindu behar dugun krisiaz, sortu berria den Sortu alderdiak sortu duen panorama berriaz. Hitz egin dezagun tabakoaren keaz. Egunen batean, haizeak eramanen du tabakoaren kea, eta orduan kartera ohostu digutela ohartuko gara.


2011-02-06

Legalizazio ordua da


Ezker Abertzalea legeztatzeko ordua da, eta Berriozarren ere horren alde gaude. Eguzki Plazako ordulariaren orratzak aurrera doaz.