2015-05-28

Nik ugaztunak ikusten ditut -Jesús Lizano in memoriam-

Gaurko Berria-n irakurri dut ohar ezin laburrago batean biziki miresten dudan poeta bat, Jesús Lizano, hil berri dela. Ez da lehenbiziko aldia blog honetan bertan haren poema bat jartzen dudana, euskaraz emana. Eta gaur ere ez da egun txarra haren beste poema bat euskaraz —eta euskarari— emateko, oso egokia hauteskunde ondorengo giro honetan boterea galtzear duten diputatu eta politikari hantuste batzuei zer diren gogorarazteko: ugaztunak baino ez.

Ugaztunak

Nik ugaztunak ikusten ditut
oso izen arraroak dituzten ugaztunak
Ahaztu zaie ugaztun direla
Eta sinetsi dute zera direla, apezpiku, iturgin,
esne-saltzaile, diputatu. Diputatu?
Nik ugaztunak ikusten ditut.
Polizia, mediku, atezain,
irakasle, jostun, kantautore.
Kantautore?
Nik ugaztunak ikusten ditut.

Alkate, zerbitzari, bulegari, aparejadore
Aparejadore!
Ugaztun batek nola sinetsi dezake aparejadore denik
Kide, bai horixe! Kide direla  sinetsi dute
Komite Zentraleko kide, Medikuen Elkargoko kide…
akademiako kide, errege, koronel.
Nik ugaztunak ikusten ditut

Aktoresa, puta, neskame, idazkari,
zuzendari, lesbiana, haurtzain…
Egiatan, nik ugaztunak ikusten ditut.
Inork ez du ugaztunik ikusten
inork ez du gogoratzen, antza, ugaztuna dela .
Ni ote naiz azken ugaztuna?
Demokrata, komunista, xakelari,
kazetari, soldadu, nekazari.
Nik ugaztunak ikusten ditut.
Markesa, exekutibo, bazkide,
italiar, ingeles, katalan.
Katalan?
Nik ugaztunak ikusten ditut
Kristau, musulman, kopto,
ikuskari, teknikari, beneditar,
enpresari, kutxazain, kosmonauta…
Nik ugaztunak ikusten ditut.

2015-05-20

Esparza Espartzetan

Esparza hautagaiari entzuten diodanean, Espartzetaz oroitzen naiz. Espartzeta Ezkaba mendian dago, Berriozarko auzo zaharretik oso hurbil. Baina Esparzak ez du bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko interesik.

 Jakin beharko luke 1938ko maiatzean Ezkabako presondegitik ihesi joandako lau preso Artikan atzeman zituztela. Artikatik Berriozarko eskolara eraman zituzten, gaur egun Lantxotegi den eraikinera. Bazuten Iruñeko epaitegi batera eramaterik; bazuten gotorlekura eramaterik atzera; baina ez, Berriozarko eskolan izan zituzten gatibu. Eskolako maisuaren emazteari, Mikaelari, atxilotuei afari on-ona presta ziezaiela agindu zioten, eta denbora luzez preso egondako horiek aspaldi ez bezalako afaria ukan omen zuten. Afaldu eta gero, Jose María Salobre apaizarekin bekatuak aitortzeko aukera eman zieten, eta batzuek hala egin omen zuten; beste batzuek, alta, ez. Orduan eskolatik atera eta mendirako bidetik goiti eraman zituzten guardia zibilek, Espartzeta izeneko lekuraino. Handik gutxira tiroak entzun ziren herrian. Harrezkero, isiltasuna nagusi. Handik gutxira, hiltzaileak baizik ez ziren Berriozarrera itzuli.

 Hau guztiau kontatu zuena ume-moko bat baino ez zen orduan, baina ederki dauka den-dena gogoan: izan ere, aita izan zuen hiltzaileen aginduz hilobia egin behar izan zuten gizonetako bat. Isiltasunak urteak eta urteak iraun du, isiltasun konplizea batetik, izuak eragindako isiltasun behartua bestetik. Eraildako lau gizon horien izen-abizenak ere ez dakizkigu, eta euren gorpuak hor egon dira urteak eta urteak, arteen artean, laurak elkarrekin, Espartzetan, hiltzaileek abandonatu zituzten leku berean.

Duela aste gutxi batzuk —bazen garaia— lau lagun horien gorpuzkinak erauzi zituzten Aranzadi elkarteko teknikariek Pako Etxeberria forentsea buru zutela: gorpuen buru-hezurrek bala-zulo bana zuten agerian, igande goiz eguzkitsu horretan Espartzetan egon ginenok ikusi genituen. Ez nauzue aditu, eta ikerketak egindakoan, forentsek ebatziko dute; baina agerikoa da ez zutela ohiko fusilamendu bat egin, eta bertatik bertara buruan tiroa emanda erail zituztela.

 Duela hilabete batzuk bertan ezarritako oroitarria gurutze esbastikaz tindatu eta erdi puskatu zuten Nafarroan oso ezagunak diren ezezagun batzuek; etzi ezarriko da berriz, Ahaztuak elkarteak eta Berriozarko Udalak antolatutako ekitaldi batean, arratsaldeko 6etan, hantxe, Espartzetan. Eta Memoriaren Ibilbidea izanen denaren panela ere ezarriko da.


Esparza hautagaiari entzuten diodan bakoitzean Espartzetaz oroitzen naiz, ederki dakidan arren ez duela bere izena daraman leku-izen hori ezagutzeko inolako interesik. Esparza hautagaia ez da inoiz Espartzetan egon, eta ez dut uste etzi hurbilduko denik.


2015-05-16

Jareren Asteburua —Making Of—

Atzo ostirala zen, eta ostiralero bezala kale agerraldi xumea egin genuen Berriozarren, presoak gogoan. Beste ostiral bat. Eta beste ostiraletan bezala, beste euskaldun asko errepideetara ateratzen ari ziren bisitak egiteko; nire lagun bat, adibidez, Zarautzetik Alacant-erako bidea ari zen hartzen gu dispertsioa salatzen ari ginen une berean. Baina atzo, egun berezia zen, maiatzaren 15ean dispertsio politikak 26 urte bete dituelako: Done Isidro egunez, duela 26 urte hasi ziren preso politikoak sakabanatzen.

Dispertsioa salatzeko eta presoen eskubideen aldeko ekimenak biderkatzen dira; horra hor Lasterbidean, euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko nazio lasterketa ekainaren 7an Berriozarren ospatuko dena. Baina batzuk ez gara korrikalariak, eta irudiekin —eta hitzekin— jolasten gara, eta guk ere egin nahi genuen gure ekarpen txikia. Izan ere, hauteskunde garaian egonik ere, gu ezin gara ahantzi presoen egoera larriaz ezta astebururo bisitak egitera joaten diren senideen egoeraz ere. Horregatik atzo Jareren asteburua izeneko laburmetraia estreinakoz eskaini zen Berriozarko Kulturgunean

Dispertsioa presoek ez ezik senideek ere pairatzen dute, eta senideen bidaia luzeak grabatu dira behin baino gehiagotan. Guk zerbait ezberdina egin nahi izan dugu. Ez dugu egin nahi izan jadanik egina zegoen zerbait. Senideen bidaia luzeak kontatzen dituzten bideoak eginak daude; luzeak, eta laburrak; guk beste zerbait kontatu nahi izan dugu, neskato baten asteburu arrunta: Jareren asteburua. Izena aukeratzeko arrazoi nagusi bat izan dugu: Jare izenak askatasuna esan nahi du.

Egitasmoa duela hilabete batzuk hasi zen, eta jadanik ez da egitasmoa, egiteko asmoa gauzatu delako. Proiektu honetan ibili garenok ez gara ez senide, ez ahaide; ez gara astebururo joan behar; baina zerbait egin nahi genuen euren alde. Nik idatzi nuen Jareren Asteburua, eta Maiatz aldizkariaren apirileko zenbakian argitaratua dago, eta hori izan da nire ekarpen xumea. Askoz ere meritu handiagoa dute besteek: irudigileak, esatariak, teknikariek, gidoilariak eta, nola ez, zuzendariak. Harrokeriarik gabe, baina harrotasun puntu batez aitortuko dut elkartasun proiektu honetan parte hartu dugun guztiok berriozartarrak garela

Egitasmo xumea zen eta gaur egun egitasmo izatetik produktu izatera pasa da; asmatu dugun edo ez, zuek esan beharko. Ongi eginak kontuan hartu, gaizki eginak barkatu.





Ardien kulpak, bildotsak ordaindu, dio esaera zahar eta krudel batek; dispertsio politika bezain zahar eta krudela.

2015-05-10

Udaberriko haiku bat


Uharten, Ultzama;
elorri txuriaren
usain goxoa


2015-05-08

Tori asto-hortz hau eta eman jirafa-hortz bat

Glaila izeneko neskato sahararrak Berriozarko gure etxean ematen ditu udako hilabete beroak. Duela bi urteko abenduan gu joan gatzaizkion bisitan errefuxiatu bizi den kanpamentuetara, Aaiun izenekora. Berriozarko gure etxean ahaztutako esnezko hortz bat eraman genion. Aurreko udan erori zitzaion, eta gorderik egon zen egurrezko kutxa txiki batean eman genion. Orduan, istorio polit bat kontatu ziguten, tearen inguruan sortzen diren istorio horietako bat.
Glailaren aitak kontatu zigunez, umeari erortzen zaionean esnezko hortz bat, eguzkiari eskaini egiten zaio Saharan, hauxe esaten den bitartean: “Tori asto-hortz hau eta eman jirafa hortz bat”. Antza, jirafaren hortza astoarena baino askoz ere gogorragoa omen da, eta ume sahararrak gogorrak izan behar dute hamadan bizi direlako, basamortuaren basamortuan, udan 50 graduko bero kiskalgarria pairatzen, Marokok lapurtutako dien Mendebaldeko Saharara noizbait itzultzeko itxaropena galdu gabe.
Egin berri ditugun eskabideak eginda, uda honetan ere Glaila izeneko neskatiko sahararra gurera etorriko da, basamortutik gure artera, baina badira oraindik ere ume saharar gehiago etortzen ahal direnak familia gehiago animatzen badira, animatzen bazarete. Udan ume saharar bat ekartzeko aukera oraindik dukezu, atzo Katakrak-en Sahararrek Nafarroan duten ordezkariak eta ANAS elkarteko presidenteak eman zuten hitzaldian azaldu bezala.




Inork interesik badu, jarraian bideo bat ikus dezake, Berriozarko lagun batzuen esperientzia biltzen duena. Bideo horren bukaeran agertzen diren telefono eta posta elektronikoan ume bat ekartzeko informazio osoa emanen dizuete.



“Tori asto-hortz hau eta eman jirafa hortz bat” kontatu zigun Balalek, Glailaren aitak... Balal bezalako hamasei gizon sahararrek Fronte Polisario sortu zuten, Zuerat-en, Mauritaniako basamortuan: etzi, maiatzaren 10ean, berrogeita bi urte beteko dira
Duela gutxi hil den Eduardo Galeano uruguaiarrari irakurri nion: Sahararrek euren buruari Hodeien seme-alabak deritze, beti euriari jarraitzen diotelako; euriari ez ezik, sahararrek justiziari ere jarraitzen diote: justizia, ura basamortuan bezain zaila aurkitzen.

2015-05-03

Haikunversacionesek bost urte bete ditu

Haiku poemen inguruan behin baino gehiagotan idatzi izan dut blog honetan bertan, eta haiku etiketa duten dozena bat post, horren adierazgarri. Nik haikuei buruz dakidantxoaren zati handi bat zor diet haikunversaciones taldea osatzen duten lagunei. Haikunversaciones haikuak —nagusiki gaztelaniaz—  jorratzen duen talde bat da, oraintsu bost urte bete dituena. Iruñeko Yamaguchi liburutegiaren abaroan hilean behin biltzen den talde irekia duzu, eta aspaldion nahi baino gutxiago agertu naizen arren, oraindik sentitzen naiz —onartzen nauten neurrian bederen— kide eta lagun.

Bostgarren urteurrenaren kari bideo eder bat egin da, eta hor agertzen diren bideoen artean nire haiku xume bat irakur daiteke; zein den, erraz da asmatzen...




Zorionak, haikunversaciones, asko ikasi dut zuengandik eta ikasten jarraitu nahi dut... eta urte askotarako!